Gobierno Vasco

1. DBHko irakurketa liburuak

1. Amaia Lapitz eta Erregina Gorriaren hilobia (Katixa Agirre)

Amaia Lapitzek nahiago luke uda Irlandan igaro, bere lagunen antzera, baina horren ordez ama arkeologoa lagundu beharko du Palenquera, Mexikoko hondakin maien eremura. Bertan emandako lehenengo gauean, deskubrimendu izugarri bat egingo du Amaiak: aztarnategiko zuzendariaren gorpuarekin egingo du topo. Poliziak gauzak argitzeko baino interes gehiago daukanez errua indigena zapatistei leporatzeko, Mario izeneko lagun egin berriaren laguntzaz kasua argitu beharko du gure protagonistak.

2. Zomorroen kluba (Laida Martinez)

Teresak ez du ikastolara joan nahi. Txikia eta beltzarana denez, ikaskide maltzur batzuek “Labezomorro” esaten diote. Atzo ikaskide horiek arazo batean sartu zuten zientziako laborategian: zer gertatzen da azukrea eta kola nahasten badituzu?. Istripu izugarria! Hondamendia! Horren ondorioz, sorginek mendekua nahi dute, zientziako irakaslea haserre dago eta ikasturteko nota kolokan du Teresak. Hori gutxi balitz, aitak sukaldatzen duena jan behar izaten du eta bere gustuko mutilak, Gorkak, ez dio kasurik egiten.
Zomorroen kluba osatzen dute Labezomorrok eta bere lagunek (Inurrierdik eta Armiarmak). Elkar hartuta egiten diete aurre ikaskide maltzurrei.

3. Bihotz nahasiak (Fernando Morillo)

Ikasturteko lehenengo egunean Maitane eta Nerea Isusko eta Ibanez maitemintzen dira. Hauek ere neskez enamoratzean koadrila berria sortarazten dute. Taldea martxoso hasten da, batez ere, jipoitutako gizona aurkitzean misterioa argitzeko erabakia hartzen dutenean.

 

Idazlearen Webgunea

 

2.DBHko irakurketa liburuak

1. Urtebete itsasargian (Miren Agur Meabe)

1936ko gerrari buruz idatzitako liburu historiko nahiz fikziozkoen artean toki berezia beteko du Miren Agur Meabek idatzi duen nobela xume baina eder honek. Urtebete itsasargian gaztetxoentzako eleberri bat da, gaztetxo bat duena protagonista eta kontalari. Jon gaztetxo bilbotar bat da, gerra hastean gurasoek Garraitzetara bidaltzen dutena (Lekeitioren irudikapen literarioa), osaba farozainarengana.

2. Heriotza harrigarria (Toti Martinez de Lezea)

Udako oporretan, Ikerri ikasi beharra suertatu zaio, eta aurretik eginda zeukan plana bertan behera utzi behar izan du. Azkenean gurasoekin joan da landa-turismoko ostatu lasai batera, baina bertan nor topatuko eta... ikasgaia suspenditu zion irakaslea! Oporren hasierak ezin itxura txarragoa hartu du... baina ostatuan gertatuko diren heriotza harrigarriak abentura kilikagarri bilakatuko du hango egonaldia.

3. A zer gaupasa! (M.A. Mintegi)

Udako gau bat da. Sei gazte kostaldeko herri batean ospatuko den rock kontzertura joango dira gaupasa ahaztezin bat egiteko asmoz. Eta halaxe gertatuko zaie, bai horixe!

3. DBHko irakurketa liburuak

1. Tangerreko ametsa (Xabier Vernetta)

Laburpena: Hamabi gizon-emakume, gauaren ilunean, txalupa batean, Afrika iparretik Europa alderantz, etorkizun hobe baten esperantzan... Horrela hasten da nobela; hamabi horietatik hamaika, Espainiara iritsi eta berehala atxilotu ditu poliziak: Akram salbatu da, Tanger-eko mutiko bat, batere laguntzarik eta ia dirurik gabe Parisera iritsi nahi duena. Bidaia horretan era guztietako jendea topatu eta esperientzia ugari izango du: atsegin eta jatorrak batzuk, arriskutsu eta zitalak beste batzuk, eta irakurlea ere Akramekin batera ibiliko da uneoro, abenturaz abentura, Parisko amets hori buruan...

Xavier Vernetta

 

2. Xivaren malkoak (Cesar Mallorqui)

Behin batean, aspaldi, fantasma bat ikusi nuen. Bai espektro bat, agerpen bat, espiritu bat; nahi duzun bezala esan; kontua da ikusi egin nuela. Gizakia Ilargira iritsi zen urtean izan zen eta une batzuetan beldurra pasatu banuen ere —beldur handia, egia esan—, istorio hau ez da beldurrezkoa esaten zaien horietakoa. 

4. DBHko irakurketa liburuak

1. Eztia eta ozpina (Patxi Zubizarreta)

Selim gazte marokiar bat da. Eta bere adin moduko gazte marokiar askorentzat bezala, Parisera joatea da bere ametsa. Han dauka bere Meka. Bidaia horretan eztia eta ozpina ezagutzen ditu. Eztia, Esther izeneko neska gasteiztar batez maiteminduta. Ozpina, marokiarrentzat, hain zuzen ere, ez delako larrosa-bide bat Afrikatik Europara datorren bidea. Nobela hiru ikuspuntutik kontatuta dago: Selimen ikuspuntua, Estherrena da bigarrena, eta, hirugarrena, legez kanpoko atzerritarrak muga pasatzen laguntzen dituen mugalariarena. Hiru ikuspuntu, hiru genero (kontakizun zuzena, egunkaria eta prentsa erreportaia) istorioa osatzeko.

 

2. 612 euro (Jon Arretxe)

Bueltan da Toure, San Frantzisko auzoko detektibe berezia, bizilagun afrikarrentzat agurgarria, emakume zurientzat desiragarria eta polizientzat mespretxagarria. Bolada txar batetik pasatzen ari den momentuan ustezko anaia baten bisita jasoko du bere patera-pisuan, lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak.

19 Kamera arrakastatsuaren ondoren dator 612 Euro. Toureren sagako bigarren nobela hau ere Euskal Herriko ghettorik handienean kokatuta dago, Bilboko San Frantziskon. 612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko.

Gordintasuna eta umorea konbinatuz, Jon Arretxek erritmo biziko eleberria eraiki du, irakurlea lehen orrialdetik harrapatu eta amaiera arte oharkabean daramana.

3. Arotzaren eskuak (Iñaki Ladron Arana)

Ia ezagutzen ez zuen aitonak herentzian mendian galdutako etxe bat utzi diola-eta, hara doa Ane Duhalde, ordura arteko bere bizimodu grisa eten nahian. Etxean, baina, deskubrimendu lazgarri bat egingo du, aitonaren iraganaz galdetzera behartuko duena. Misterioaren sokak Frantziako Erresistentziaraino eramango du, II. Mundu Gerraren garaian; berrogeitaka urte beranduago Europako hainbat lekutan gertaturiko hilketa sorta izugarri bat ere harrapatzen du, eta bere burua arriskuan egon litekeela sentituko du azkenik.

 

1. BATX Irakurketa liburuak

1. Hitz pozoituak (Maite Carranza)

Zer gertatu zitzaion Barbara Molinari? Bere gorpua ez zen sekula aurkitu, eta errudunen bat atxilotzeko frogarik ere ez zen lortu. Telefono mugikor batera egindako dei batek hankaz gora jarriko ditu pertsona askoren bizitzak: jubilatzeko puntuan dagoen polizia baten bizitza, desagertutako alaba aurkitzeko esperantza galdu duen amaren bizitza, eta lagunik onena traizionatu zuen neskaren bizitza. Hitz pozoituak erlojuaren kontra bizitako egun izugarri baten kronika da. Barbara Molina hamabost urte zituela desagertu zen, modu misteriotsu eta bortitzean; hain zuzen ere, bere hurbileko hiru pertsona dira istorioko protagonista nagusiak. Barbararen desagerpenaren enigmak lau urte daramatza argi-izpirik gabe, baina gako berriak agertuko dira, eta dena aldatuko da goitik behera. Batzuetan, egia ezkutuan geratzen da, ilunpean; eta leiho bat irekitzean, dena argitzen da. Gezurrez, sekretuz, engainuz eta itxura faltsuz betetako istorioa, mito ukaezinak zalantzan jartzen dituena. Gizarte modernoaren hipokrisia disekzionatzen duen kontakizun ikaragarria. Liburu ausart honek haurren sexu-abusuak eta horrek dituen ondorio suntsitzaileak salatzen ditu, eta, modu horretan, agerian uzten du sexu-abusuak zeinen ikusezinak diren, beti ondo pentsatzera ohituta dagoen mundu honetan

2. Ipuin batean bezala (J.M. Irigoien)

Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren eta bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara Huarte Granadako Alpujarretara, denak utzita: etxea eta herria, lana eta koadrila, senargaia eta familia; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua... Ander Olaso medikua, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zeruan hegaka... Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregatik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean Ipuin batean bezala, zoritxarren gainetik beti baitaude bizi-pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

J.M.Irigoien

3. Zoaz infernura laztana (Andu Lertxundi)

Haurtzaro zaila izan zuen Rosak eta, oraindik gazte, babesa eman dion lehenengo gizonaren arrimuan geratu da. Gasolindegia eta bertako taberna hartu dute errentan Rosa eta Tomasek. Gauzak nahikoa ondo doazkie Rosaren amaginarrebari burua joan zaion artean. Andre ezindua zaintzeko lana ere Rosaren gainean geratuko da eta, hori gutxi balitz, Tomasen jipoiak pairatzen hasiko da emakumea.
Inazio azalduko da Rosa babesteko eta apurka-apurka bere bizitzan lekutxoa egiten hasiko   da. Tomasen jokabidea gero eta jasangaitzagoa da; zerbait egin beharko lukete Rosak eta Inaziok.
Andu Lertxundi

2. BATX Irakurketa liburuak

1. Behi euskaldun baten memoriak (Bernardo Atxaga)

Behi euskaldun baten memoriak, Bernardo Atxaga: Benetako behi izan nahi duenari nahitaezko zaio desertua, nahitaezkoa zaio mundutik urrutiratu eta hondarra besterik ez dagoen erresuma mortuan bolada bat egitea.
Ondar artean, belar edo ur izpirik gabe, berdamenaren gozotasunik gabe, behiak sufritu egingo du, eta maiz, eguzkiak ankerki jotzen dionean-eta, atzera egin eta ikuiluratzeko gogoz erotuko da. Baina benetakoa izan nahi duen behi horrek, eta ez behi ustel edo makal, ez dio etsipenari amore emango; aurrera jarraituko du desertua zeharkatu eta mendi hezeak, baso itzaltsuak, begietan har ditzan arte. Orduan, poetaren esanak gogoratuz, halaxe deklaratuko du: Cela s´est passé, pasa da guztia, atera naiz infernutik, begi eta bihotz berriekin ikusten dut orain mundua.

2. Mussche (Kirmen Uribe)

Mussche, Kirmen Uribe: Literaturarako grinaz, bizipozez amodioan, Erresistentzian borrokan, kuraiaz presoaldian... Robert Mussche idazlearen izaera eskuzabalak zirrara sortzen du, baina baita larritasuna ere. Kirmen Uriberen bigarren nobela 1937ko maiatzean abiatzen da, milaka haur Santurtziko portutik erbestera atera dituztenean.

3. Dumitru (Koldo Izagirre)

Dumitru errumaniarra da izenez eta jatorriz. Bere kalterako, noski, errumaniarra izatea eta lapurra izatea bat egiten dituen gizarte honetan. Haatik, semearentzat inguru hobeago bat nahi zuelako ekarri zuen hona Cosmin Petrescu soinujoleak, Danubio bazterreko sorterria utzita. Badira urte batzuk Dumitru euskalduna dela hitzez eta bizitzez. Lagunek maite dute, Olatzek bereziki. Eta une batez, denak direla Dumitru erabakiko dute…

© IES mendebaldea BHI
Teléfono: 945179621 | Teléfono: 945179622 | Fax: 945179623 | 010329aa@hezkuntza.net